XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Nekez zintzilikatu zen aurikularra bere lekuan utzi zuen atzera.

- Zer egin dezaket zuentzat, jaunok?.

- Errezeta hau exekutatu...- proposatu zuen Colinek.

Botikariak papera hartu zuen, bitan doblatu, tira luze eta estu bat egin eta mahai gaineko gilotina ttiki batean sartu zuen.

- Hori egina dago - esan zuen, botoi gorri bat zanpatuz.

Kutxila erori zen eta errezeta bere irmotasuna galdu eta erori egin zen.

- Etorri zaitezte gaur arratsaldeko seietan eta zuen botika prest egongo da.

- Baina esan zuen Colinek presa handia daukagu.

- Oraintxe bertan eduki nahi genuke - erantsi zuen Chickek.

- Beno erantzun zuen botikariak, itxoin nahi baduzue, behar dena prestatzera noa.

Colin eta Chick tertziopelo purpurazko banketa batean eseri ziren, mostradorearen aurrean justu, eta itxoin egin zuten.

Botikaria mostradore atzean makurtu zen eta ate ezkutu batetik atera zen, isilean eta arrastaka.

Colinek eta Chickek ormei begiratzen zieten.

Espezia soilak eta topiku subirauak zeuzkaten lurrezko ontziak zeuden kobre argitsuzko apal luzeetan.

Apal bakoitzeko azken ontzitik fluoreszentzia tinko bat sortzen zen.

Beira lodizko ontzi koniko batean, zapaburu puztu batzuk zebiltzan beherakako espiralean jiraka eta beheraino jaisten ziren, gero fletxak bezala itzultzen ziren ur gainera eta berriro ekiten zieten beren bira aldrebes haiei, ur lodizko urrats zuriska batzuk atzean utziz.

Ondoan, metro batzuen luzerako akuario batean, botikariak frogaleku bat prestatua zeukan toberadun sakelentzat, eta han eta hemen zeutzan haietako batzuk, baliogabetuak, beren lau bihotzek taupada motelak ematen zituztelarik.